Español

Geratzeko iritsi gara

Pasa den apirilaren 26an Oportora lan egitera joateko aukera paregabea izan genuen.  Cate & Nelson Design Studio-k diseinatutako altzari bilduma berria aurkezten zuen Bk Contract Equipment S.L. enpresak Casa da Música-n.

Bk Contract Equipment enpresak diseinu lerro berri baten aurkezpena zela adierazi zigun aurretiko bileratan, aurreko urteetan lan egin duten altzariengandik bereizi egiten omen zela produktu hau. Casa da Música-n egongela berezi bat alokatu zuten horretarako, eta komertzialak, arkitektoak eta diseinatzaileak gonbidatu zituzten. Ez zuela zerikusirik ez aurreko urteekin, ezta aurreko produktuekin ere. Maitasun haundia, gogoa eta grina jarri zituzten dena bikain atera zedin.

Zein motatako argazkiak nahi zituzten hitz egin genuenean, hasera batean produktuen argazkiak zikloramazko atzealde txuri batean egitea adostu zen. Bezeroarekin elkartzen garenean garbi dugu haiekin ulertzea dela garrantzitsuena, zer den argazkiengandik nahi dutena. Ulertu nahi dugu zenbaterainoko garrantzia duen aurkezpenak, ekitaldiraino iristeak… eta egia esan ez genuen garbi ikusten argazkiak atzealde txuri batean ateratzearena, Oportora gindoazela jakinda.

Altzari bakoitzaren zatirik garrantzitsuenak zein ziren jakitearren Nelsonekin hitz egin genuen orduan, josturak, ertzak… xehetasun guztiak jakiteko beharrari erantzunez, eta altzariak testuingurutik ateratzera bultzatu genituen. Bertako arkitektura erabiltzera animatu, Oportoko paisaia eta arratseko argiarekin bat egin, produktua bera indartu eta nabarmentzeko asmoz.

Bestalde, behin Portugalen egonda, nola ez genituen jardunaldiko argazkiak aterako! ez geratu produktuan, eta haratago joan. Asko gustatu zitzaien ideia! Bk Contract-eko taldea eta urteetako haien bidai lagunak irudikatu genituen argazkietan, han bizitu zen egoera errepikaezina jaso genuen, bertan bildu zirenen arteko harremana sendotuaz, datozen urteetarako ere!

Haietako batek esan zigun moduan, “geratzeko iritsi gara”. Eta gurea egin dugu esaldia Kipula Studion.

Besarkada bana talde osoari eta eskerrik asko gu hain ondo zaintzeagatik 🙂

2019-04-10T22:22:44+02:00